lunes, 26 de diciembre de 2016

Kuxa Kanema

Jean-Luc Godard eta Anne-Marie Miéville Mozanbiken 1978an.
Urte honetan zehar, aurreko post batean aipatu dudan bezala, edizio lanetan aritu izan naiz, proiektu desberdinetan eskuak eta guraizeak sartuz. Cut, cut, cut...

Pasa den udan Mundukide GKE-arentzat Oskar Epelde lagunak Mozanbiken filmatutako irudi eta elkarrizketekin ordu erdiko muntaia egin nuen, beste laupabost minutuko kapsula batzuekin batera. Lehen aldiz egin dut lan Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat eta oso aberasgarria izan da ulertzeko kasu honetan Afrikan egiten duten lanaren konplexutasuna eta aldi berean horrelako testuinguru batean dokumental bat egiteak dituen zailtasun eta erronkak.

Azken emaitza "Ulima cebola" dokumentala izan da eta aurkezpen publiko batzuk egin dira jada Iruñean eta Donostian. Laster jaialdietan banatzen hasiko dira publiko zabalago baten bila.

Baina lan hau egiterakoan espero ez nuena zen Mozanbikeren inguruan beste proiektu batean sartuta aurkitzea nire burua. Kontua da, Mundukide-rentzat egindako dokumentaletik kanpo sekuentzia mamitsu bat geratu zela eta nik material horrekin beste zerbait egitea nahi nuela.... Eta hasi nintzen Mozanbikeko zinemaz bilaketak egiten... Zer egin zuten Portugaldarrek kolonialismo garaian? Eta zer egin da independentzia lortu zutenetik?? Bilatzen hasi eta hainbat sorpresa eraman ditut... Adibidez Jean-Luc Godard zinegile frantseza izan zela bi urtez Mozanbiken Gobernuak kontratatu ondoren telebista nazional bat egiteko proiektu bat gidatzen 1978an, edota 2003an Margarida Cardosok zuzendutako Kuxa Kanema dokumental ederra: Kuxa kanema, nascimento do cinema, zinemaren jaiotza esan nahi du eta Mozanbike independizatu ondoren zinemak bertan izandako bilakaera kontatzen du.



Ea 2017rako zerbait editatzea lortzen dudan.... ez dakit zer aterako den, edo ez den ezer aterako baina bidean disfrutatzen nagoela ezin ukatu. Agian Mozanbikera joan beharko naiz proiektu honi amaiera emateko.... Amaitzen jakin behar.

Hemen, Mundukide-rentzat egindako dokumentaleko fotograma batzuk.







No hay comentarios:

Publicar un comentario