lunes, 28 de septiembre de 2015

Voyeurismoa garaile

Begiak everywhere, begiluzeak nonahi. Nazioarteko zinema ikasleekin Tabakaleran.

Aurtengo Donostiako Zinemaldian faltan bota dugun François Ozon zinegile frantziarrak esan zuen zine zuzendariak voyeur hutsak direla, kuxkuxero hutsak. Askotan aipatzen da zinemaren zeregina begientzat ikusezina dena bistaratzea dela, gizakion intimitatea pantailaratzean datzala erronka nagusia... Gure etxeko leihotik bizilagunen bizitza kuxkuxeatzea plazer bezala ulertua.

Autobusean, hondartzan, tabernan edo zinema areto baten iluntasunean pertsona batek atentzioa deitzen digunean (arrazoiak norberak irudika ditzala...), gizalegez jokatzea nahi badugu besteak begirada zuzentzen digunean gure begirada desbideratu beharko genuke, bere intimitatean sartzen ari baikara. Begirada mantentzeak arriskua darama... bestearen intimitatea haustea. Eta begiluzearen eta begiratuaren arteko intimitatearen muga lauso horretan zinemak asko eman dezake. Kinka horretan jartzen gaitu Kiro Russo zinegile bolibiarraren Nueva vida (16', 2015) film labur minimalistak. Kamera angelu bakar batekin kontatutako istorio minimo hau begiluzearen kuriositate aseezinean dago oinarritua... Kamerak ikuspuntu subjetiboa baliatzen du ikuslea zuzendariaren leihoan kokatzeko. Parean dagoen eraikinean, pisu batzuk beherago bikote bat bizi da eta ume bat izango dute, bizitza berri bat iritsiko da etxe hortara eta zatika ikusiko dugu etxe hortan gertatutakoa, leihoek markatuko digute ikusitakoaren limitea, eta guk eraiki beharko dugu istorioaren osotasuna.

Nueva vida film laburra Zinemaldian egin den Zinema Ikasleen Nazioarteko XIV. Topaketan ikusi ahal izan dut eta baita saritu ere; Orona Saria eman diogu lan honi. Euskal ikus-entzuneko ikaslez osatutako epaimahai bat koordinatu dut aurtengoan topaketa hauetan eta lehiaketan parte hartzen zuten mundu osoko 12 film laburren artean film berritzaileena nabarmendu dugu Orona Sariarekin. Huhezi fakultateko (Mondragon Unibertsitatea) Komunikazio gunea ordezkatzen egon naiz. Eta zer da berritzailea zineman? “Ezer ez da asmatu Dziga Vértov-ek Kameradun gizona (80´, 1929) egin zuenetik”, esango dute batzuk... Kamera bat dron batean jartzea berrikuntza galanta dela esango dute besteek... Desberdina izatea da berritzailea? Originala izatea?? Aitzindari izatea?? Zerbait berria asmatzean datza??? Guretzat zinemaren esentziara jauzi egin duen film hau izan da aurtengo berritzaileena. Norbait leihotik begira, norbait leihoaren beste aldean ikusten duenaren esanahiari zentzua eman nahian, norbait voyeurismoaz disfrutatzen, limite barik. Elkarrizketa honetan azaltzen du zuzendariak ideiaren jatorria:


Eta hara gure ezustekoa sari banaketa ekitaldian nazioarteko 12 ikaslez osatutako epaimahaiak film labur berdina saritu zuenean! Kiro Russo zuzendaria pozarren zegoen sariak jasotzerakoan. Proiektu berri bat dauka esku artean, bere lehen luzemetraia, eta banku batean mailegu bat eskatu berria zuen grabaketa lanak abiatzeko. Sari hauei esker filma ganoraz egin ahal izango duela aitortu zuen. Orona Saria 5.000 eurokoa da eta Panavision Sariak 10.000 euroko laguntza suposatzen du, bai RED Epic kamera baten eta Primo lente estandar baten lagapena, lau astez filmatzeko, edo 10.000 euroko kreditua Panavisionen materiala alokatzeko. Sari banaketaren ondoko festan zuzendariarekin hizketan esan zidan 10.000 eurogatik egingo duela bere lehen film luzea... Emaitza ikusteko irrikitan gaude jada. Pozgarria benetan zinegile berri eta berritzaile bati hegoak ematea, bertigoa gainditu dezan bultzada hori ematea... Baina sarien sistema hau oso maltzurra dela denok dakigu... Espero dugu saririk jaso ez dutenei sormenerako hegoak moztu ez izana.


Zinemaren belaunaldi berriak bultzatea helburu duten topaketa hauetan beste hainbat lan ausart eta ilusioz beteak disfrutatu ditugu... Goi mailako zinegileek emandako Master Class edo Q&A adrenalinikoak jarraitu ditugu ere... Charlie Kaufman, Jia Zhangke, Michel Franco, Joao Salaviza... Gero eta garrantzi gehiago ematen ari zaie topaketa hauei eta horrela konfirmatu zuen Jose Luis Rebordinosek berak, Zinemaldiko zuzendariak, sari banaketa emanaldian egindako agerpenean. Egitarau osoa kontsultatzeko sartu hemen.

Orona Saria emateko prest! Nire ondoan sariaren bost epaimahaikideak.

Aurtengo irabazleak pozik, diplomak eskutan.